jueves, 14 de abril de 2022

12 abril 2022 (27.03.22) (2) Berria

12 abril 2022 (27.03.22) 

 


«Jihadisten inguru intimoko askorekin hitz egin genuen»

Netflixek '800 metros' estreinatu berri du, Bartzelonako 2017ko abuztuaren 17ko atentatuei buruzko dokumentala. Siminianik «pazientziarekin» ekin zion ikerketari

Gidoilaria eta zinemagilea da Elias Leon Siminiani (Santander, Espainia, 1971). New Yorkeko Columbiako Unibertsitatean egin zituen zinema ikasketak. Zortzi film labur zuzendu ditu. Mapa (2012) eta Apuntes para una película de atracos (2018) dokumentalekin hautagaia izan zen Goya sarietan. Malagako zinema jaialdian aurkeztu du 800 metros.

Nolakoa izan da 800 metros dokumentalaren ikerketa lana? Zer alde izan ditu beste dokumental batzuekin konparatuta?

Gaia oso labainkorra da. Kontuan izan behar da auziari ekin genionean judizialki zabalik zegoela; halakorik ez zitzaidan gertatu Caso Asunta eta Caso Alcasser dokumentaletan. Zauria irekia zegoela jakitun ekin genion ikerketari: pazientziarekin eta lekukotza askoren hauskortasunaren kontzientzia izanik. Kasu askotan, lekukotzaren baiezkoa edo ezezkoa hari fin batean dantzan zegoen, eta, horregatik, funtsezkoak dira sortzen diren konfiantzazko harremanak. Baina hori lortzeko, denbora eta energia asko inbertitu behar da. Eta badakizu montaian geldituko direnak baino askoz ate gehiago jo beharko dituzula.

Zer esan dezakezu alboan izan dituzun ikerlarien lanaz?

Nacho Carreteroren eta Jesus Garciaren lana gakoetako bat izan da, baita Anna Teixidor kazetariarena ere. Lagungarri izan dira baita ere UAVAT Terrorismoaren Biktimen Arreta Unitatearen harreman sareak zein Ripollgo (Katalunia) ongizatearen kontseiluarenak ere.

Zer zailtasun izan zenituzten atentatuak egin zituzten jihadisten gertukoak elkarrizketatzeko?

Fronterik gogorrenetakoa izan zen, gertaerek eragin duten zauriagatik. Hala ere, erasotzaile jihadisten inguru intimoko pertsona asko elkarrizketatzeko aukera izan genuen; haien lekukotza, off camera-n edo grabatuta, funtsezkoa izan zen errealitate hori hobeto ulertzeko. Ikasi dugu ulermena dela modu bakarra etorkizunean erradikalizazio prozesuak detektatu edo galarazteko. Bide horretan, zilegitasun gabeko doluarekin egin genuen topo —atentatuetan hil diren erasotzaileen senideek edo lagunek jasaten dute, ez dutelako haien erradikalizazioaren susmorik hartu—. Haien galdera honako hau izaten da: «Nola senti dezaket pena hil egin duten terrorista bategatik?». Kontraesanez betetako sentimenduak izan ohi dituzte: pena, batetik, traizioa egin dietela sentitzen dutelako; eta errua, bestetik, ez direlako gai izan jabetzeko gertuko horien erradikalizazio prozesuaz.

Zer sentitu duzu entzutean atentatuko biktima askok kontatzen dutela administrazioak babesik gabe utzi dituela?

«Bigarren zauriaren» kontzeptua ere ikasi dugu. Hori gertatzen da atentatu batetik bizirik ateratzen direnek haien eskubideengatik aitortuak izateko borrokatzen dutenean. Atentatua bizi izan zutenek kontatu digute zauri amaigabea dutela, baita babesgabe sentsazio handia daukatela ere. Aurrera egitea lortu dute, UAVAT Terrorismoaren Biktimen Arreta Unitateari esker, eta egoera berean beste herritar batzuk topatu dituztelako. Epaiketaren sententzia historikoa dela esan behar da: biktima kopurua 156tik 345era pasatu zen, lehen aldiz ondorio psikologikoak jasan dituztenak terrorismoko biktima gisa hartu baitituzte. Hala ere, UAVATek salatu zuen sententzia atera eta sei hilabetera biktimen %80k ez zutela administrazioaren mezu bakar bat ere jaso.

Hirugarren atalean aipatzen da CNIk Ripollgo imamarekin harremanak izan zituela. Zergatik ez duzue horretan sakondu?

Atentatuak gertatu eta hiru urtera ekin genion lanari. Beste atentatu jihadista batzuetan bezala, behin betiko errelatoa izan arte denbora pasatuko da. A-17ko atentatuetan asko gelditzen da jakiteko zelula jihadistak Estatu Islamikoarekin zuen harremanaz. CNIaren kontuaz espekulazioak baino ez daude. CNIk eta Guardia Zibilak harremanak izan zituzten imamarekin, 2012-2014 artean, Castelloko espetxean zenean. Baina ohikoak dira halakoak, CNI berriemaile potentzialen bila aritu ohi delako. Ez dago ebidentzia gehiagorik.

 

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario