viernes, 22 de octubre de 2021

17 octubre 2021 (11) Gara

17 octubre 2021 


 

Egia eta aitorpena, eskuzabal jokatzeko prest diren biktimentzat

Azken hamarkadetan Euskal Herriak bizi izan duen gatazkak biktima asko eragin ditu, indarkeria ezberdinen ondorioz. Atzo, ETAk eta GALek eragindako bi biktima izan ziren Donostiako Kursaalen. Robert Manrique, ETAk Bartzelonako Hipercorren egindako atentatuan zauritutakoa, eta GALek hildako Xabier Galdeanoren alaba Karmen Galdeano aurrez aurre izan ziren; aurrez aurre baino, elkarren ondoan, bizi izandakoa gogoratuz. Beraiekin, Brian Currin abokatu hegoafrikarra eta Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorraren bozeramailea izan ziren.

Euskal Herrian gertatutakoa aztertu zuten laurek, fokua aurrera begira egin beharrekoan jarriz. Eta esparru zail horretan, biktima guztiak aitortzea ezinbestekoa dela azpimarratu zuten, eta horren aurreko ezinbesteko osagaia, egia.

«Funtsezkoa da iruditeria gainditzea, zeinaren bitartez ‘biktimak’ aipatzean jendeak ETAren biktimez ari garela ulertzen duen. Biktima guztiez hitz egin behar dugu, alderdikeriaz betetako imajinario hori gainditu behar dugu», adierazi zuen Hernanek, Aieteko bilkuratik hamar urte igaro direnean «biktimak guztionak» direla erantsiz, «gizarte osoarenak».

Ideia hori jarri zuen mahai gainean Manriquek ere. Haren esanetan, «Estatuak ulertu beharko luke terrorismoa Estatu-arazo bat dela, ez hauteskunde-arazo bat. Ez da botoen biltegi bat». «Biktimak aitortuak izan behar dira eta berdin dio nork sortu dituen biktima horiek», gaineratu zuen.

Sufrimendua erabiltzen dutenen aurka garbi mintzatu zen. Izan ere, «besteen mina politika egiteko erabiltzea mingarria da biktima askorentzat. Patetikoa izan arren, ikusten dugu egin egiten dutela oraindik».

Espainiar Estatuaren kasuan, biktimen mina botoak lortzeko erabiltzen da batetik, eta bestetik, Estatuak berak egin dituen sarraskiak ezkutatzeko, kontakizun bakarra inposatu nahian. Horri buruz hitz egin zuen Galdeanok, Estatuko indarkeria gauzatu duten horiez. «Moral lezioak ematen dizkigute prentsan, onartzen dute egin dutena eta oraindik ere libre daude eta inork ez die ezer esaten. Karguak dauzkate. Kondenatuak izan diren apurrak berehala atera dira espetxetik, eta batzuk sarituak izan dira», ekarri zuen gogora.

«Horregatik eskatzen dut eskuzabaltasuna, ez gaitezela gelditu gure gorroto edo behar pertsonal horretan», adierazi zuen. Argi utzi zuen beren nahia ez dela Felipe Gonzalez edo gerra zikinaren atzean izan diren hainbat politikari kartzelan ikustea. «Nik hori ez dut nahi. Zer konponduko dugu horrekin?», aipatu zuen.

«Guk eta Euskal Herri osoak badakigu zer gertatu den. Eta guk ez dugu zigorrik nahi, guk ez dugu inor espetxean ikusi nahi. Guk eskuzabaltasunez jokatuko dugu, eta presoekin ere eskuzabaltasunez jokatzeko eskatuko genuke, beste pauso bat emateko behingoz», esan zuen, bake prozesuak aurrera egiteko eta elkarbizitzaren alde egiteko gizartea «gorrototik atera» behar dela adierazita.

Presoentzako aterabideak

«Gure kasuan, gure etsaiak ez dira preso egon. Preso egon izan balira, ziur aski beste irtenbide bat topatuko genuke, baina zoritxarrez alde bateko presoak ditugu bakarrik», esan zuen Xabier Galdeanoren alabak.

Halaber, onartu zuen biktima batzuentzat errealitate hori mingarria izan daitekeela, «baina ez dago bueltarik. Aurrera egin nahi badugu, ez dago bueltarik. Ez dago bake biderik 200 pertsonak espetxean jarraitzen badute. Ez dauka zentzurik». Alde horretatik, salbuespenezko legedia bertan behera utzi behar dela adierazi zuen.

Hernanek ere presoen aferari buruz hitz egin zuen. 7/2003 legea aipatu zuen, 40 urteko espetxealdiak jasotzen dituena. Bere iritziz, graduen progresioa ere arindu egin behar da, eta preso guztiak Hego Euskal Herriko kartzeletara lekualdatu beharko lituzke Estatu espainolak. «Eta beharrezkoa da Espainiako Estatuak Europako arauak aplikatzea; hau da, zigorren metaketa», erantsi zuen.

Erbesteratuak eta iheslariak agendan sartu behar direla ohartarazi zuen Foro Sozialeko koordinatzaileak. «Leihatila nahiko itxita dago Auzitegi Nazionalean», salatu zuen. Horren aurrean, eragile guztien artean hitzartua izan behar den «euskal bidea» aldarrikatu zuen, errepresaliatuen birgizarteratzea sustatzeko.

Biktima batzuek ez lukete bide hori kritikatuko. Urrunketaren aurka agertu zen Robert Manrique, eta, legeak hala agintzen badu, presoek kalean egon beharko luketela onartu zuen. «Hortik aurrera, egin dezatela ahal duten bizimodu normalena, eta ez daitezela lehengora itzuli», eskatu zuen.

 

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario